Aurtengo Amorebieta-Etxanoko tanborrada ‘martxan’!

    Izena emateko epea maiatzaren 16tik 27ra hemen online edo Zelaieta zentroan aurrez aurre. Nagusien tanborrada uztailaren 24an izango da. Tanbor jole eta beteranoen entseguak ekainaren 9, 16 eta 30ean, eta uztailaren 7, 14 eta 21ean izango dira 19:30etan. Fusilarien entseguak ekainaren 17an eta uztailaren 1, 13 eta 20an izango dira 19:30etan.

    Hirurogeita hamar urtetik gorako tradizioa daukan ospakizuna da Amorebietako tanborrada, eta azken 40 urteotan etenik gabe ospatu izan da. Gure ustez, ekimen herrikoia da tanborrada eta, horregatik, merezi du zaintzea denboran iraun dezan eta, urteak aurrera joan ahala, aberastuz joan dadin.

    Urte hauetan guztietan, profil eta ezaugarri bereziak eta esklusiboak definituz joan da Amorebietako tanborrada, eta horiek ematen diete ospakizunari bere duen izaera berezkoa.

    Izaera berezi, koloretsu, parte-hartzaile eta umoretsu horri eustea, eta jaia ahalik eta erarik antolatuenean iraunaraztea da arautegi honen helburua. Hain zuzen ere, ahalegin sendoa egitea Napoleonen tropek duela bi mende baino gehiago gure lurretan barrena gauzatu zuten desfilea ospatu, jai bilakarazi eta satira eran burutzen duen jai bitxi hau bizirik mantentzeko, antolaketarik ezak edota utzikeriak jota hil ez dadin.

     

    IZEN-EMATEA

    Tanborrada osatzen duten gorputzetako edozeinetan (tanbor-joleak eta tanbor-jole beteranoak, fusilariak, zaldunak, sukaldariak eta kantinariak) izena ematea NAHITAEZKOA izango da, iragartzen diren egun eta epeetan, bai eta librea eta irekia ere Amorebieta-Etxanoko 16 urtetik gorako hiritar guztientzat, eta 14 urtetik gorakoentzat antortxeroen kasuan.

    Izena emateko deialdia publikoa izango da eta Amorebieta-Etxanoko udalak iragarri egingo du, ohiko dituen bideak erabilita horretarako. Hemendik aurrera zorrotz errespetatuko dira aurreko urteko zerrendak, eta gertatzen diren bakanteak beteko dira urte bakoitzean izen ematearen ordena errespetatuz. Amorebieta-Etxanoko udalaren ardura izango dira izen-ematea eta entseguetako asistentziaren kontrola.

    Tanborradaren batzordeak erabakiko du, urtero-urtero, gorputz berriak sortzea edo lehendik daudenen kopurua areagotzea.

     

    ENTSEGUAK ETA MUSIKA ZUZENDARITZA

    Tanborradaren batzordeak onartuko ditu gorputz ezberdinen entseguen egutegiak, eta argitaratu egingo ditu. Derrigorrezkoa izango da entseguetara etortzea, eta entsegu bitan baino gehiagotan huts egiteak desfilean parte ez hartzea ekarriko du, gorputzaren arduradunak kontrakoa erabakitzen ez badu eta kasu guztietan tanborradaren komisioari berri emango zaio.

    Tanborradako doinuak, musika-konponketak, musika banda eta entseguen musika zuzendaritza Tanborradaren zuzendariaren ardura izango da.

    Tanborradaren batzordeak aukeratuko du, ados jarrita, tanborradaren zuzendaria.

     

    TANBORRADAREN BATZORDEA

    Honakoak izango dira tanborradaren batzordekideak:

    Tanborradaren zuzendaria; 2 fusilari (gorputzaren nagusia barne); 2 tanbor-jole beterano, 2 tanbor-jole gazte; 2 sukaldari; 2 kantinari; 2 argi-zuzi eramaileak; zaldun 1; Amorebieta-Etxanoko udalaren teknikari 1.

    Honakoak izango dira tanborradaren batzordearen eskumenak: Kideen kopurua handiagotu edo gutxiagotzea, tanborradaren ibilbidea, geldialdiak eta amaiera definitzea, uniformea bezalako oinarrizko gaietako aldaketak erabakitzea eta, orokorrean, giro baketsua bermatzea eta konponbidea ezartzea gorabeherak gertatzen direnean, eta tanborradaren  zuzendariaren izendapenean parte hartzea.

     

    ZUZENDARIA

    Agintari nagusia izango da tanborrada prestatzeko entseguetan eta tanborrada gauzatu bitartean. Zuzendariaren eskumena izango dira diziplina neurri guztiak, ibilaldiaren aldaketak, tanborrada osatzen duten gorputzen kokalekua, errepertorioa… Tanborrada osatzen duten gorputzen arduradunei emango die horien guztien berri eta apelaezinak zaingo dira beraren erabakiak.

    Tanborrada osatzen duten gorputzen koordinazioa zuzendariaren erantzukizuna izango da. Gorputzen nagusiak batuko ditu desfileari ekin aurretik eta, bere erabakien berri emateko, egoki deritzon guztietan.

     

    UNIFORMEAK ETA MATERIALA 

    Tanborradarako erabiltzen diren uniformeak (kasakak, txanoak, amantalak, txalekoak…) jabetza publikokoak dira, eta halakoak dira tanborradan erabiltzen diren gainerako materialak ere (tanborrak, makilak, fusilak, kanoia, lapikoak…). Amorebieta-Etxanoko udalaren ardurapekoa da beraien zainketa eta biltegiratzea, tanbor-jole beteranoen kasakak izan ezik (tanbor-joleenak eurenak dira).

    Honakoak dira tanborrada osatzen duten gorputzen uniformeak:

    Tanbor-joleak eta tanbor-jole beteranoak:

    Tanbor-joleen kasaka (alkandora zuria eta lazo beltza).

    Beteranoen kasaka (ez daramate alkandorarik, kamisetarik edo lazorik

    bistan).

    Praka zuri luzeak (jeans erakoak ez).

    Itsasontzi tankerako txanoa, apaingarria ezkerretara.

    Zapata beltzak (zapatillak ez).

    Fusilariak:

    Kasaka bandaz (ez alkandorarik, ez kamisetarik, ez zintarik) eta zapi zuri

    pertsonala.

    Praka zuri luzeak (jeans erakoak ez).

    Txanoa.

    Zapata beltzak (zapatillak ez).

    Zaldunak:

    Kasaka bandaz.

    Txanoa.

    Alkandora zuria lazo beltzaz.

    Praka zuriak.

    Zaldi gainean ibiltzeko botak.

    Eskularru zuriak.

    Sukaldariak:

    Sukaldarien prakak eta kasaka.

    Zapia.

    Txanoa.

    Zapata beltzak.

    Kantinariak:

    Alkandora.

    Txalekoa.

    Gona.

    Abarketak.

     

    Tanborradaren kideek bere horretan erabili beharko dute tanborradaren uniformea, agerian eranskin edo osagarri pertsonalik gehitu gabe (fusilariak izan ezik. Beraien zapi zuria daramate hauek). Uniformetasuna nabarmen urratu, materiala behar den moduan zaindu ez edo justifikaziorik gabe hondatzeak tanborradatik aldentzea ekarriko du, zuzendariak hala erabakiz gero.

    Tanbor-joleek eta fusilariek debekatuta izango dute erretzea tanborrada gauzatu bitartean (ezarrita dauden atsedenaldietan izan ezik), eta ezingo dute txilibiturik, turutarik edo bestelako soinu-tresnarik erabili, aginduak betetzeko beharrezkoak direnak besterik ez, hain zuzen ere.

    Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

    Los comentarios están cerrados.