Amparo Ereñaga, Marisa Barrena eta Landako Eskolako ikasleak izango dira aurtengo San Faustoetako txupineroak

Urriaren 12an, arratsaldeko zazpietan, hasiko dira San Faustoak hiru urteko geldialdiaren ondoren. Eta aurtengo txupina botatzeko ardura Marisa Barrena (1951) eta Amparo Ereñaga (1957) emakume durangarrena izango da, urte luzeetan herriko eragile kultural eta sozialetan, eta, batez ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean eginiko lanagatik. Urriaren 15a, larunbata, Txupinazo Txikiaren txanda izango da. Aurten udaletxeko balkoira igotzeko ardura Landako Eskolako ikasleena izango da.

Guzti hauek aurkeztu asmoz, Durangoko Udalak prentsaurrekoa eskaini du astelehen goizean. Bertan, Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak esker ona eman nahi izan diete txupinera eta txupineroei, eta San Faustoak ospatzen diren bitartean jaietaz goza dezatela opa diete durangar guztiei.

“Azken bi urteetan pandemiarekin bizitzea egokitu zaigu, eta horrek asko mugatu dizkigu gure bizitzak. Guretzat oso zaila izan da azken bi urteetan, San Fausto garaian, gure herritarrei gozatzeko gogoa mugatu behar izatea, baina orain normaltasun osoz itzuliko gara, eta urriaren 12an udaletxeko plaza hau durangarrez beteta ikusiko dugu, San Faustoetaz gozatzeko irrikitaz”, adierazi dute Garrastatxuk eta Ríosek.

Amparo Ereñaga eta Marisa Barrena.

Marisa Barrenak eta Amparo Ereñagak izango dute urriaren 12an ospatuko den txupinazoa botatzeko ardura. “Emozionatuta” agertu dira, “ezusteko” handia jaso baitute albistea jasotzean: “Oso pozik eta eskertuta gaude. Ohorea da txupinero eta pregoilari izatea, eta ohore hori urteetan gurekin bideide izan direnekin elkarbanatu nahiko genuke”, adierazi dute Barrenak eta Ereñagak.

Bestalde, urriaren 15ean Landako eskolako ikasleen ordezkaritza bat igoko da udaletxeko balkoira. Gaurko prentsaurrekoan beraien poza agertu dute, hiru urteko geldialdiaren ostean beraiei egokitu zaielako txupinazo txikia botatzea.

Landako Eskolako sei neska-mutil.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Los comentarios están cerrados.