Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
12:47 am,
temperature icon 10°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 1 Km/h

«Orain Udalatik, Plateruena hark sortutako ondasun kultural guztia berreskuratzeko saiakera egingo dugu»

Maider Larrañaga izango da Plateruena berriaren dinamizatzailea. San Agustin Kulturgunean urte luzez aritutakoa, Plateruena biziberritzeko ardura izango du aurrerantzean.

Maider Larrañaga., Plateruena Kafe Antzokiaren arduraduna izango da.

2021ean Plateruena kudeatzen zuen elkarteak desegitea erabaki eta, ondorioz, Plateruenak ateak itxi zituen. Zer suposatu zuen horrek?

Plateruenaren ixteak hutsune galanta ekarri zuen. Hutsune pragmatikoa –erakusleiho bat ixteak dakarrenagatik- San Agustinen adibidez asko nabaritu izan dugu, ate joka izan ditugulako leku barik gelditu ziren bertako sortzaile eta artista asko.

Baina, esango nuke, hutsune emozionala ere utzi zuela. Eta ez Durango edota durangaldean bakarrik, ikusi besterik ez dago sareetan zabaldu ziren elkartasun mezuak. Euskaldunon imajinarioa partekatzen dugun denok galdu genuen zerbait ate horiek ixtean.

Horren ondoren, Udalak, bere aldetik, eta ‘Plateruena eta gero Zer’ dinamikak diagnostiko bana martxan jarri zuten herriko eragile eta herritarrekin kontrastatuz. Zeintzuk izan ziren ondorio nagusiak?

Kuriosoa da oso zelan bi hausnarketa prozesuak ia antzerako ondorioetara heldu diren. Plateruena Sormenari, Kulturari eta Euskarari eskainitako lekua izatea gura da. Hiru erpin horietatik abiatuta Plateruenak hiru helburu nagusi izan beharko lituzke: Durangoren euskalduntzean laguntzea, Durangoko elkarte eta eragileentzako etxea izatea eta euskal kulturarentzako zein sortzaileentzako plaza garrantzitsua izatea.

Udalak Plateruenaren kudeaketa bere gain hartzea erabaki du, pribatizatzea sahiestuz. Zer suposatzen du horrek?

Ba lan asko eta erronka oso handi bat.
Uste dut kulturaren aldeko konpromiso sendoa erakusten duela. Bi aukera nagusi zeuden, udalak bere gain hartzea bai eraikina eta baita kudeaketa ere, edota, pribatizatzea; alegia, diru mozkin baten truke ardura oro beste baten lepo uztea. Eta hori oso hautu arriskutsua da, batez ere ez delako bermatzen lehen aipatutako 3 lerro nagusiak zaindu edo bultzatuko direnik.

San Agustin Kulturgunean lan egitetik, Plateruenaren dinamizatzaile izatera pasa zara. Zeintzuk dira aurrez aurre dituzun erronkak?

Helburu nagusia Plateruenaren errautsak berpiztea izango da. Urte luzeetan Plateruena proiektu zirraragarria izan zen, baina hasieratik zama ekonomiko astun bati aurre egin behar izan zion eta azkenean horretxek ito zuen. Orain, erakunde publiko baten babesean, Plateruena hark sortutako ondasun kultural guztia berreskuratzeko saiakera egingo dugu, eta ahal dela apur bat harantzago joaten ere saiatuko gara.

Zeintzuk dira epe laburrean datozen erronkak Plateruenari dagokionez?

Epe laburrean Gabonetarako ekitaldi gutxi batzuk antolatu eta martxora begira dena prestatzen hastea da. Horretarako lan handia daukagu aurretik, kasik eraikin honen tamainakoa. Soinu eta argi ekipoak, giza ekipoa, webgune berria, irudi berria, …
Baina guzti horren gainetik erronka nagusia durangarrek Plateruena leku hurbil, dinamiko eta gertukoa sentitzea dela uste dut. Plateruena herritarra eta komunitarioa izateko ahalegina egin behar dugu, orain arte hurbildu ez direnak gerturatzen ere saiatu behar gara. Izan ere, prozesu honetan oso garrantzitsua izango da herriko elkarte eta eragileen inplikazioa.

Zein zentzutan?

Ba lehen aipatu bezala proiektu honek herriko elkarte eta eragileen parte hartzearekin aurrera egiteko bokazioa dauka. Horretarako ‘Kultur Mahaia’ izeneko elkargune bat sortuko dugu elkarte, eragile, sortzaile edota artistak batuko dituena beraien eskaerak zein iritziak kontutan izateko. Komunitarioa izateko bokazioarekin jaiotzen da Plateruena, mahai hau zenbat eta anitzagoa eta sendoagoa izan, orduan eta etorkizun oparoagoa izango du Plateruenak.

Erronka handia daukagu aurretik, baina gogotsu nago.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu