Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
9:22 am,
temperature icon 11°C
Humidity 60 %
Ráfagas de viento: 62 Km/h

Durangarrok aldaketa merezi dugu

7-MIKEL-03

Mikel Uriguena

Maiatzaren 26a bertan da. Aste bi baino ez zaizkigu geratzen hurrengo lau urteetan Durangok hartuko duen norabidea ezagutzeko. Hauteskundeetara hainbat alderdi aurkeztuko diren arren, bi dira bakarrik izango ditugun aukerak: orain arte jarraitzea ala aldaketari bide ematea. Zer nahiago duzu zuk?

Barikuan hasi zen kanpaina ofizialki. Datozen egunetan hitz politak besterik ez dituzu entzungo kale, sare eta hedabideetan. Alderdi guztiek esango dizute entzun nahi duzuna. Batzuek, gainera, hedabide nagusiak lagun izango dituzte haien mezua ozen entzun dadin. Horrez gain, sekulako dirutza eta baliabideak erabiliko dituzte zure botua lortzeko asmoarekin. Beste batzuek, aldiz, komunikabideei aurre egin beharko diete eta, gainera, sekulako esfortzua egin beharko dute, dituzten baliabide material eta pertsonalak ondo erabiliz. Euren eguneroko bizitzari orduak lapurtu beharko dizkiote kalean egoteko. David Goliaten aurka. Hala ere, ez diozu zertan kanpainan gertatzen denari bakarrik kasu egin behar.

Pentsa ezazu nola jokatu duen alderdi bakoitzak bukatzen ari den legealdi honetan. Gobernu taldea osatzen dutenek, EAJ eta PSE-EEk,  ateak itxita izan dituzte. Herritarrak baztertu egin dituzte haien beharrak kontuan izan gabe eta, are okerrago, ez dituzte entzun ere egin nahi izan. Udala haiena balitz bezala erabili dute. Herritarrengandik etorri den edozein proposamen atzera bota dute era sistematikoan. Durangarrontzako gobernatzen dutela esan ohi dute, baina, XVIII. mendeko Despotismo ilustratuko erregeen antzera jokatzen ohituak daude: dena herriarentzat, baina herria aintzat hartu gabe.

Bestalde, egon badaude, herritarren alboan egon diren zinegotziak. Gau eta egun, kale zein auzoetan, bertan izan dira. Herriaren Eskubideak udalean duen bulegoa etengabe egon da irekita edozein behar edo kexa entzuteko. Pentsionistak, auzo-elkarteek edo plataformek,  guztiek ahal izan dute, nahi izan dutenean, Julian Rios, Jorge Varela, Julia Pereda edo Patxi L. Lakuntzarekin hitz egin. Durangar guztiok izan dugu, haien lanari esker, udaleko osoko bilkurak zuzenean jarraitzeko aukera, batzordeetara joateko aukera…Eta hori gauza handia da. Argi eta garbi erakutsi dute koiunturalki erakundeetan dauden herritarrak direla. Ez direla politikariak. Durangarrok garela haien kezka bakarra. Zu modukoak direla. Fidatzekoak direla.

Durangok aldaketa merezi du. 40 urte daramatza alderdi berak gobernuan eta beste proiektuei aukera emateko ordua heldu da. Herriaren Eskubideak ateak zabaltzeko sekulako lana egin du azken lau urteotan, baina bada garaia ateok guztiz ireki eta herritarrek erakundean benetan agintzeko. Zure esku dago gainera.

Durango gardena, Durango berdea eta Durango bizia nahi badituzu, bozkatu ezazu Herriaren Eskubidea. Kultura maite baduzu, babestu ezazu Herriaren Eskubidea. Feminismoa, ekologia, auzoak eta bizilagunak etorkizuneko Durangoren ardatza izatea nahiko bazenu, emaiozu botua Herriaren Eskubideari. Herria ezin daitekeelako herritarrik gabe eraiki, herria herritarrok egiten dugulako, durangarrok aldaketa merezi dugulako, maiatzaren 26an bozkatu ezazu Herriaren Eskubidea.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu