Euskara, feminismoa eta elkartasuna hauspotuko dituen txispa isiotu da Abadiñon

Asier Aspuru Agorria

 

Argiak pizten ditugu, minutu batzuetan, leku ilunak argiztatzeko; baina gu ez gatoz minutu batzuetarako argia piztera bakarrik, herri honen gogoa piztera gatoz. Txispa horretatik sortu da Isiotu Kultur Elkartea; ezkerreko ikuspuntutik hainbat balio Abadiñon zabalduko dituen elkartea, hala nola euskara, feminismoa, sexu askapena edota elkartasuna. Askotariko borroken elkargune, hausnarketa eta kritikotasunerako topaleku eta zergatik ez, gozamenerako erreferentzia izan nahi du Isiotuk; falta direnak, oraindik urrun daudenak batuko dituena, kideekin topo egin eta saretzeko espazioa nahi eta behar dugulako sortua.

Hori dena aurrera eramateko, toki fisiko bat behar dugu, non begiradak gurutzatu, hitzak nahastu eta irribarreak sortuko diren. Horregatik, herriko gazte eta ez hain gazte batzuk «Maitena» taberna zena elkargune bilakatzea erabaki dugu. Bertan, gure balioekin bat egiten duten hitzaldi, tailer, kontzertu, aurkezpen edo bestelako ekitaldi eta ekimenak antolatzea dugu helburu.

Taberna ekimen horiek finantzatzeko eta espazio bat izateko baliagarria izatea nahiko genuke. Baina bakarrik ezin da. Bi harrik elkar jota, txispa bat sortzen da, baina ez harri bakarrarekin. Horregatik, ezinbestekoa izango da auzolana, proiektu honek etorkizuna izan dezan. Herritarren garaia da; parte-hartzeko garaia. Herritar guztion esku dago Isioturen hazia landatu eta uzta jasotzea. Ez dago ekiteko modu bat eta bakarra; ahal eta nahi duenak ekonomikoki edota auzolanean lagun dezake proiektua.

Alde batetik, norbere aletxoa jartzeko, diru bilketa jarri dugu martxan Goteo.org webgunean, eta hemendik gutxira, kuota bidezko laguntza jasotzeko bideak jarriko ditugu martxan. Bestetik, auzolana edo proiektuaren bidelagun izatea. Ekimenak proposatu eta antolatzea, auzolanetan parte hartzera, barrako turnoak betetzea… bi babes horiek batuta, bi harri horiek elkar jota, sortuko da gure auzoak eta herria isiotuko dituen sua.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Los comentarios están cerrados.