Asteartea,
2024ko Apirilak16

MugaKultura

loader-image
Durango
1:47 am,
temperature icon 10°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 19 Km/h

Katalunia-Euskadi: desberdinak, bai

Eneko Egibar Artola 

· Eneko Egibar Artola albaitaria eta politologoa da

 

2017ko maiatzaren 7an, Lekeition. Elizaren arkupea, elizpea. Lea-Artibaiko Gure Eskuko Berme Batzordeko kide gisa egon nintzen hautestontzien ondoan kontsulta egunean. Urriaren 1ean telebistaz ikusi nituen Bartzelonako irudiek Lekeitio eta egun hura gogoratu zidaten:  emozioa, bozkatzeko gogoa, jendea pozik, momentua hura argazkietan betiko gordetzen…

Bai, Kataluniako irudiek Lekeition ikusi eta sentitu nuena gogoratu didate. Leku bateko eta besteko adierazteko guraria eta herri nahia antzekoak direla esango nuke. Desberdintasunak daude, ordea. Eta iruditzen zait desberdintasunak, Kataluniako eta Euskadiko gizartean baino, alderdi politikoetan eta beren ordezkarietan daudela. Agian, 40 urte hauetan herri aurreratu bati jarraitu diotelako, aldatu egin dira alderdi politikoak Katalunian. Beldurra galtzeak, aske izan nahiak (ez bakarrik nazio gisa, baita pertsona gisa ere), aldaketak derrigorrez ekarri behar!

Hona hemen Euskadi eta Kataluniaren arteko desberdintasunen adibide batzuk:

  1. Lizarrako Akordioak, Ibarretxeren Planak… berezitasun handi bat falta zuten Katalunian ikusi dugunaren aldean: Katalunian ikusi dugun mezuaren batasuna; Euskadin, kontrara, nabarmena izan zen alderdietan (eta alderdi barruetan) ikusi eta entzun genuen oilategiko zarata. Zeren, alderdi politikoek (kasurako, abertzaleak) gizartean aldaketak sustatzen eta demokrazia hobetzen, eraikitzen, lagundu beharrean, mezu kontrajarriekin gizartea bera inoiz baino gehiago nahasten ibili zirela esango nuke. Gizartea garai hartan nahastuta, nekatuta… egon zitekeen; bai, baina momentu hartan alderdi politikoek ez zuten inondik inora mailarik eman. 2017ko urrian ikusten ari garenak ikusita, baina, ez dakit euskal alderdi batzuen jarrerarekin (eta batasun ezarekin) jokabide haiek ez ote dituzten txiki utziko.

Aldaketa bat sustatzeko ezinbestekoak dira batasuna eta konfiantza; gurean ikusi ez duguna, alegia! Kontrara, gaur egun alderdiek, oro har, modu hierarkizatu eta tradizionalean funtzionatzen jarraitzen dute oraindik ere (gogoeta eta ideien laborategi moduan ez, behintzat). Beraz, aldaketak bultzatzeko premiazko axioma hori ez dute inoiz betetzen. Dena aldrebes! Hori, baina, oso desberdina da Katalunian.

  1. Katalunia, Europa mailan, gizarte aurreratuenetarikoa dela ikusten ari gara egunero. Horren ondorioz, Kataluniako gizartea politika ulertzeko modu berri bat eskatzen ari da; kasu honetan, Errepublika berria. Hori, ordea, ez da kasualitatez gertatzen. Izan ere, pertsonei lagundu egin behar zaie pentsatzen, modernizatzen, kritiko eta gogoetatsu izaten. Hori egitearen ala ez egitearen ondorioa da gizartean “Votarem” eta “A por ellos” horren mezu desberdinak entzutea.

Gaur egun, telebistak –kasu honetan TV3k– eduki duen funtzioa azken hamarkadan funtsezkoa delakoan nago, gizarte kritiko eta libreago bat sustatu eta bultzatzeko Katalunian. Ez naiz telebista zalea, baina ETBn ikusten dudanak Tele 5, Mediaset, Berlusconi,… gogorazten didate. Esatari euskaldunak, gainera, gazteleraz mintzatzen entzuten ditut… Bai, Kataluniarekin alderatuta, oso errealitate desberdinak dira gurea eta haiena.

Aldiz, ETBren hasieran ohikoak ziren euskara ikasteko saioak. Gaur egun ere, TVE-2 telebista katean, adibidez, ingeleseko klaseak ikus daitezke… Ez dakit, bestelako aukerak, bestelako komunikabideak posible direla pentsatzen dut. Ala dena da audientzia kontua? Audientzia garrantzitsua izan daiteke, baina telebista desberdinen enpresa politikek (nahiz publikoak, nahiz pribatuak) gidoilari berdinak zuzenduak direla dirudite. Esaterako, gaur egun kate desberdinetan inposaketa antzeko bat dagoela pentsatzen dut kazetariak azkar hitz egin eta galdetzeko eta gonbidatuak azkarrago erantzuteko. Hori bai, betiko esaldi eta pentsamoldeekin jokatzeko eta azken finean gogoeta bera ekiditeko. Dena da azalekoa. Non geratzen da telebisten funtzio publikoa? Ala “artaldea” entretenitzea ote da, bada, helburu nagusia?

  1. Katalunian erreferenduma egin den momentu berean, Euskal Herrian EITB Focus inkestaren emaitzak kaleratu dira. Agian, norbaitek “parekatu” egin nahi ditu bata eta bestea. Noski, politikarien inkestaren emaitzak eta argazkiaren fokalizazioa euskal gizarteak aspalditik ditu ezagunak. Hala, berriro esan dute politikariek: “Euskal gizartearentzako oso errealitate desberdin bi dira Katalunia eta Euskal Herria”. Bai, oso desberdinak. Baina, desberdintasuna egotekotan, nire iritzi, honakoa izango litzateke: Katalanek erreferenduma egin dute (legitimitate eta ondorio guztiekin), eta besteok, adibidez “legezko” eta “legelarien” kontsultak egiten ditugu (herri bezala daukagun legitimitateaz ahaztuta). Seguruenik, inkesta bera legedia betetzearen justifikazio modukoa izango litzateke.

Agian, Euskal Herrian aldaketei beldur diegulako eta, beharbada, eredu zahar bat babestu nahian, ez ote gara ari gizarteari ez entzunarena egiten behin eta berriro? Katalunia-Euskadi: zeharo errealitate desberdinak!

Herri bezala hain desberdinak ez izateko, derrigorrezkoa dugu asmatzea gaur egun aurrean jarri zaigun bidegurutze honetan. Ostrukarena egiteak ez digu ezertan lagunduko. Estatuan aldaketak ezinezkoak badira, lagun diezaiegun Katalanei aldaketa horiek Europan aldarrikatzen eta sustatzen. Hori da bidea, laguntzea, alegia; katalanen arazoa, gure arazoa baita.

Victor Hugoren hitzak gurera ekarriz: “Etorkizunak izen asko ditu. Ahulentzat, eskuraezina da. Beldurtientzat, ezezaguna. Ausartentzat, aukera da”. Katalanak ausartak; Euskal Herritarrak ahulak, beldurtiak… zer ote gara?

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu