Lau lerro lagun bat oroitzen goiz garratz batean

jon-irazabal-mugalari

Jon Irazabal

Bost egun barru 65 urte beteko zuen. 1955eko apirilaren 22an jaioa zen Jose Mari Uriarte Astarloa. Euskaldun asko bezala gaztetan sorterria utzi eta Antzuolara joan zen Marista izateko ikasketak egitera. Maristatzat bertan behera utzi eta etxera itzultzerakoan magisteritza ikasketak burutu zituen eta bere ogibide bihurtu zen eta ondorioz Zaldibar, Berriz, Iurreta [Amezketan eta Maiztegin], Durangon eta beste herri batzuetako neska mutilak hezitzen saiatu zen urte askotan.

Durangoko “Club Juvenil” izeneko taldean hasi zen 1970. urte inguruan lanean eta ia batera ernetzen hasi zaion bere bizi guztian, barne barnean, izan zuen herrigintza. 70. hamarkadan Lemoizen aurkako antinuklear borrokan buru belarri sartua izan genuen. 1979an eskualdeko beste hainbat eragileekin batera, 1981era arte iraungo zuen, Durangaldeko Ibaizabal herri aldizkaria plazaratu eta arduratu zen. Aipatutakoez gain ez zuen uko egin beste “mobida” batzuetan ere bere laguntza eskaintzea. Konpromiso horrek eraman zion, baten baino gehiagotan, Basauri eta Madrilgo Carabanchel ostatuak bisitatzera.

80ko hamarkadan bere herrigintzak Gerediaga elkartera eraman zuen. Gerediagarekiko 40 urtetan izan duen konpromisoa ikusirik arro esan ahal dugu Josemari Gerediaga Elkarteko soldata gabeko liberatua izan dugula. Kultur ondarearen babesa, eskualdeko historia ikerketa eta zabalkuntza, argazki zaharren berreskuraketa izan dira bere lan esparru nagusiak baina ez bakarrak. Edozertarako prest zegoen mutila genuen Josemari.

Astarloatarrei buruzko lana eta argazkigintza Durangon XIX. mendean aipatu ahal ditugu bere lan nagusien gisa. Astarloari buruzko lanaren garrantziaren adierazgarri dugu Madrileko “Real Academia de la Historia”-k berari eskatu ziola akademia prestatzen ari zen hiztegirako Astarloaren biografia. Azken denboratan Gerediaga Elkartearen Astola ikerketa aldizkaria izan da bere lan esparrua, bai argitaratzeko artikuluak prestatuz edo erredakzio taldeko lanak burutuz.

Ez zen gure eskualdean murgilduta gelditu. Euskal Herriko mendi eta herriak sakon ezagutzen zituen eta bihotzez maitatu. Ezagutzen zituela esaten dugunean benetan ezagutzen zituela azpimarratu behar da. Edozein bazterreko ermita, mendi tontor, trikuharri ezagutzea ta zoriontsu egiten zion.

Baita ere euskara maite zuen. Maitasun horren adierazgarri dugu, jaiotzaz erdalduna izanik, euskara ikasi zuela. Asko kostatu zitzaion euskara menperatzea, berak bere ironiarekin aurpegira botatzen zigun bezala, euskaldun zaharrak berak mintza praktika egiteko berarekin gazteleraz hitz egiten genionean. Baina lortu zuen euskaldun osoa izatea.

Arineketan idatzitako lerro hauek bere lan emankorraren aipamen labur bat baino besterik ez dira. Bere izaera diskretuaren ondorioz bere lan asko bere hurbilekoak ere ez genuen ezagutzen. Adibidez, 80ko hamarkadan Ibaizabal aldizkarian artikuluak sinatzerakoan U letra jartzen zuen lehen eta ondoren bere beste abizen bat. 

Josemariren falta sentitzen dugunean konturatuko gara bere motxila diskretuak zenbat lan biltzen zituen.

Agur lagun. Ikusiko gara

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.