Zuregatik, aita!

Gaizka Peñafiel

· Trikitilaria eta argazkilaria da

Urte t’erdi pasa da etxetik hospitalera eraman eta bizpahiru ordura berri lazgarria jaso genuenetik. Gaur beteko lituzke 78 hemen balego. Pentsatu nahi dut inor ez dagoela prest aita edo ama galtzeko, bizitzaren legea izanik ere. Agian horregatik konexio berezia sentitzen dut galera hori izan dutenekin, beste minen antz gutxi duelako. Zorionez nire inguruan gehienak ez dira esperientzia horretatik pasa eta aukera guztiak aprobetxatzen ditut dutenaz ohartarazteko; ez dezatela ezer utzi biharko, heriotza gehienetan abisatu gabe bisitatzen gaituelako.

Jakin badakit egun hartatik ez naizela berbera. Aita hil zen egunean, nere barnean ere zerbait hil zela. Oraindik ez dakit zer… baina geroz eta kontzienteago naiz hortaz. Imajinatzen dut besoa galdu duenak bezalaxe, galera hortara egokitu beharko naizela, honezkero egon ez arren hor sentitu dezakedela… baina ezin ukitu, ezin elkarri eragin. Zenbat aldiz pentsatu dut atetik sartu behar zela, gurutzatu dudan berea bezalako kotxe horren barruan ikusiko nuela… gupidagabea izan daiteke bizitza tarteka.

Esan zidan azken hitza sakonean iltzatuta daukat; neure galderaren aurrean erantzun zuen ‘nervioso’ hori. Orain berarekin minutu gutxi batzuk izango banituzke, besarkada bat emango nion aurrena eta segituan neure buruan bueltaka dabiltzan beste hainbat galdera egingo nizkioke; sufritu zenuen? Kontziente izan zinen hiltzear zeundela? Bakarrik sentitu zinen azken hatsean? Bazenekien gure artean behar zintugula oraindik? Bihotzez maite zintugula behar beste aldiz esan ote genizun?

Zoritxarrez ez dut hurrengo bizitzan sinisten eta badakit ez dudala inoiz erantzunik jasoko. Horrelakoetan, egia esan, fededuna izan nahiko nuke, itxaropen horrek dolua malgutuko zuelakoan. Baina hasi eta bukatzen den prozesu kimiko luze xamar bat baino ez garela pentsatu izan dut gaztetatik eta horrelako egoeren aurrean ez da batere lagungarria hori.

Esan gabekoen harira… aitak ez zidan inoiz esan nitaz harro zegoenik; bere garaiko gizonezkoen antzera, emozioez hitz egiten ez zuten horietakoa zelako. Baina ez zegoen hitzez adierazi beharrik, banekien. Errekaduak egitera irten eta norbaitek nik egindako lanen baten berri edo niri buruzko hitz goxoak esaten zizkionean, bihotza puztuta heltzen zen etxera. Adierazkorra ere, neure diskoa urtetan zehar behin eta berriz entzuten ibili zela kotxean, etengabeko buklean. Agian neure kantak gehien entzun dituen pertsona izan daiteke eta ez da meritu makala rantxeren zale amorratu batentzako. Pentsatzen hasi eta beste hamaika oroipen datozkit neure teoria baieztatzen dutenak… aita ona izan zenaren seinale. Berbalizatu gabe, badakit hiru seme-alabetaz harro zegoela, bakoitzak geure erara halaxe sentiarazi genuelako.

Orain oroitzapen eta ametsetan baino ez daukat eta ez da nahikoa, baina bada zerbait. Ia egunero datorkit burura iraganeko pasarteren bat eta sarritan izaten ditugu gure hizketaldiak Morfeoren babespean. Bere aurpegia, begirada, irribarrea, ahotsa, esaerak… oso present ditut oraindik eta espero inoiz ez galtzea.

Ariketa konplexua da sare sozialetan horrelakoak idaztea eta zaurgarri agertzea, are gehiago gizonezkoa izanik. Baina azken boladan lanketa sakona egiten nabil gai horren inguruan eta iruditzen zait beharrezkoa dela, geure burua laguntzeaz gain beste batzuentzako ere lagungarria izan daitekelako danetariko esperientziak era naturalean konpartitzea. Sare hauetan irribarreak saltzen ditugulako malkoak ezkutatzen ditugun bitartean eta hori ez da batere osasuntsua. Hori ez da bizitza erreala…

Lehen esan bezala, oraingoan ere okasioa aprobetxatuko dut. Joan aitarengana, amarengana edo deituiezue alboan ez badituzue, eta esaiezue behingoan ez bada ere zeinen garrantzitsuak, zeinen beharrezko diren zuentzako. Emaiezue besarkada bat, esan bihotzez maite dituzuela. Horretaz ez zarete inoiz damutuko… zin dagizuet.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Los comentarios están cerrados.