Asteazkena,
2024ko Apirilak24

MugaKultura

loader-image
Durango
5:19 am,
temperature icon 6°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

Amorebieta-Etxanoko Udalak `Ibiliaz ezagutu´ programari ekingo dio berriz, lau ibilbide berrirekin

Amorebieta-Etxanoko Udaleko kultura eta kirol zerbitzuek `Ibiliaz ezagutu´ programari ekin diote berriz ere. Euskaraz ibilaldi gidatuak eskaintzen dituen egitasmoaren edizio honetan beste lau ibilbide programatu dira, kirola egin bitartean, ingurune hurbila ezagutzeko aukera eskainiz. Oraingoan GR-229 Mikeldin izango dira ibilaldiak, 15 eta 20 kilometro bitarteko martxak hain zuzen ere.

Ibilaldiak urriaren 16an eta 23an, eta azaroaren 6an eta 13an egingo dira. Guztiak goizeko 08:00etan hasiko dira eta Nafarroa aparkalekua izango da abiapuntua. Amorebieta-Etxanoko Udalak autobus zerbitzua jarriko du etaparen irteera eta amaiera lekuetara joan-etorria egiteko.

Kirol sailetik gogorarazi dute, oro har, jarduera fisikoa egitearen onurak handiagoak direla honek sor ditzakeen arriskuak baino: «horregatik animatzen ditugu zornotzarrak zailtasun ertaineko irteera hauetan parte hartzera. Garrantzitsua da ariketa egiten duen herritarrak jakitea nola integratu arriskurik gabe jarduera bere eguneroko ohituretan; segurtasuna bermatzeko helburuarekin, beharrezko diren neurriak hartu beharko ditu. Udaletik proposatzen ditugun ibilbide hauek aproposak dira gure ingurunea ezagutzeko eta bide batez, kirola egiteko».

Istorioz betetako lau etapa

Lehenengo martxa urriaren 16an egingo da, Amorebieta-Etxanotik Garairaino. Aurreneko etapa honek 17 kilometro izango ditu eta zailtasun ertainekoa izango da. Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek paisaiaz gozatzeko aukera izango dute, bertako baserriak, zelaiak eta baselizak bidelagun dituztela. Maumeren ataritik igaroko da ibilaldia eta bertako istorioak entzunez, Bizkaiko beste altxor batera iritsiko dira: Garai.

Bigarren etapako 15 kilometroak, Garaitik Berrizera daudenak, urriaren 23an egingo dira. Etapa erraza izango da, eta parte-hartzaileek Durangaldeko haitzen ikuspegi ederra izango dute Garaitik. Ibilbidean zehar, eta harrizko mendi dotoreen begiradapean, Zaldibargo eta Mallabiko landa-ingurunetan sartuko dira, Oiz mendiak babestuta. Hauen ostean, Berrizko baserriak eta jauregiak izango dituzte aurrez aurre.

Atxondo eta Durango arteko ibilbidea egingo dute zornotzarrek hirugarren etapan, azaroaren 6koan; zailtasun ertaineko 17 kilometro. Hirugarren etapa honetan gida berezi bat izango dute: Anbotoko Mari. Mendi mitikoaren itzala aprobetxatuz, Urkiolako Parke Naturala ezagutuko dute, eta Durangora iritsiko dira, Mañarian eta Izurtzan barrena.

Azken etapa izango da zailena: 17 kilometro, Durangotik Amorebieta-Etxanora. Durangotik abiatuta, parte-hartzaileek altuera hartuko dute eta Mugarraren edertasuna ikusteko aukera izango dute. Altuera aprobetxatuz, Belatxikietara iritsiko dira eta handik, pixkanaka, Amorebieta-Etxanora jaitsiko dira, edizio berri honi amaiera emateko. Azken etapa azaroaren 13an izango da.

Izen ematea, Zelaieta Zentroan

Ibilbideren batean parte hartu nahi dutenek Zelaieta Zentroan eman behar dute izena, irteera bakoitza baino bi egun lehenago gutxienez, plaza kopurua mugatua baita. Era berean, Udalak gogorarazi du martxa horietan parte hartzeko beharrezkoa dela Ametx txartela izatea, Zelaieta Zentroan bertan eska daitekeena.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu